Kokapena

Urdaibaiko bistak

Ajangiz Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erdigunean dago. Kokapen parebako honetatik, eta hamar bat kilometroren barruan, paisaje aberatsak eta askotarikoak topau geinkez, esate baterako, padurea, kantauriar artadia, barrualdeko landazabal atlantikoa, kostalde zoragarria edo Oiz, Sollube eta Illuntzarreko tontorrak.

Ajangizek 7,5 km²-ko azalera dauka. Hona hemen mugak: iparraldean, Arratzugaz; sartaldean, Gernika-Lumogaz; hegoaldean, Muxikagaz; eta sortaldean, Mendatagaz. Klimea epela da, hegoadeko haizearen eraginez eta Burgogana mendiari esker (181 m), izan be, sortaldeko haize hotzetatik babesten dau herria. Usagana (136,8 m) eta Gantzabal (99 m) dira herrian dagozan beste ganeetariko batzuk.

Erliebe leunak eta zelai sakon, umel eta emonkorrek Ajangiz herri nekazaria izatea eragin dabe. Paisajea landa, ortu eta baserri-gune txikiz osotuta dago, eta ondo erakusten dau baserritarrak daukan hartuemon estua bizi eta behar egiten dauan inguruagaz.

Oka errekea itsasadar bihurtzen da Ajangizen. Hain zuzen be, erreka horrek sortu dau itsasoagaz bat egitean Urdaibaiko padurearen sedimentazinoa. Eskualde guztian lez, Ajangizen habitat asko eta desbardinak dagoz, eta dibersidade ekologikoa oso aberatsa da.

Historian zehar, Ajangiz hiru auzunek osotu dabe: Mendieta, Kanpantxu eta Errenteriak. Dana dala, azken hori gaur egun Gernika-Lumoren barruan dago.