Ibilbideak

ANTZOSOLO / OKANAKO BIDEKURUTZEA / ARISTIETA / MAIER ibilbidea

Ibilbidea Txaporta inguruan hasten da, Oka gaineko zubia kurutzatu ondoren. Eskumatara dagoan lehenengo errepidea hartu eta Antxosolo baserritik pasauko gara.

Tontorrerantza doan errepidetik segiduz, Lurraska eskola-granjea topauko dogu. Bidean, geldialditxo bat egin geinke, Mentzeta torrearen ondoan; bertatik, Oka ibarraren barruko aldea ikusten da. Atzera be bidea hartu eta XVII. mendeko Enbeita baserriaren ondotik pasauko gara. Hortik, Ajangizeko ibarraren eta Urdaibaiko estuarioaren ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera eukiko dogu.

Gero, ibilbidea zelai, pinudi eta baso txikietan sartzen da. Hegazti asko dagoz hor inguruan. Laubide edo Okanako bidekurutzera heltzean, ezkerreko bidea hartuko dogu, Larruze Aurrekoa baserriaren hondakinen ondotik (XVI-XVII. mendea). Eztilotza errotearen (Mendata) inguruan, herrian dagoan baso atlantikoko paisajerik interesgarrienetarikoa dogu, eta bidearen eskumaldean, pinudi altuak ikusi geinkez, bai eta haretx, gaztaina-arbola eta astigarrez osotutako basoa be.

Ibilbideak antxinako Goikoerrota burdinola eta errotatik segiduten dau, ibarraren barrualdera heldu arte. Han zelai zabalak dagoz, Berrekondo errekearen ibar emonkorraren ondoan. Ibilbidea Maier enpresearen ondoan amaitzen da.

Ajangizetik ibiltzen

MAIER / ARGANA /MENDIETA / BURGOGANA ibilbidea

Ibilbidearen hasiera Maier enpresearen ondoan dago; hortik hasita, Argana ingurutik igongo dogu Mendieta auzunera heldu arte. Ibilbideak Oka errekearen ibarraren ikuspegi ederra eskaintzen dau, zelai eta baso gaztez beteta.

Mendieta auzunearen erdigunea Jaunaren Igokundearen eleizeak, Udaletxeak eta Herriko Tabernak osotzen dabe. Danak dira Pedro de Balaunzaran arkitektoarenak, 1851koak. Eleizatik Gernikara doan bidea hartuko dogu, Obieta ingurura heldu arte. Bertan, Burgoganarainoko (184 metro) igoera hasiko dogu. Burgogana da herriko tontorrik altuena. Leku horretatik eskualdeko barrualdearen ikuspegi zoragarria daukagu.

Maierren hasten den ibilbidea

Beste ibilbide batzuk