Kultur ondarea

 

Mentzeta Torrea

Torreak Erdi Aroko bando-gerren ohiko eraikinak dira, Behe Erdi Aroan eraikitakoak, XIII. eta XIV. mendeen artean. Ez dira eraikuntza militarrak, bizilekua eta zentro ekonomikoa be badira eta. Ajangizeko Torrea Mentzeta, familiarena izan zan. Kanpantxu auzunean dago eta berau da jausi barik dagoan bakarra. Fatxadea harlanduzkoa da eta lehio eta ate dintelduak daukaz.

Mentzeta Torrea

Aristieta jauregia

Jauregi barrokoa da, Olaeta-Aristieta familiak XVII. mendean egindakoa. Hain zuzen be, familia horretako bi seme Bizkaiko Jaurerriko Ahaldun Nagusi izatera heldu ziran. Kanpantxun dagoan eraikin eder eta handi hau, gerora, baserri bihurtu zan eta gaur egun nekazal turismoa eta nekazaritza ekologikoko zentro bat dagoz bertan

Aristieta jauregia

Abadetxea

Mendieta auzunean dago eta 1822koa da. Juan Bautista Belaunzaran arkitektoak egin eban, Jaunaren Igokundearen eleizearen egileak. Hain zuzen be, eleiza horregaz batera, XIX. mendean eraikitako gune urbanistiko neoklasikoa osotzen dau. Oin dala gitxi, Udalak Abadetxea erosi dau eta konpontzen dabil Kultur Etxea izan daiten.

Casa Cural de Mendieta

Ajangizeko baserriak

Baserria herri eraikuntza bat da, nekazaritza eta abelazkuntzarako egokituta dagoana. Herri arkitektura mueta honek erakusgarri interesgarriak daukaz Ajangizen. Zaharrenak XVII. mendekoak dira eta eurotan nabarmentzekoa da zutabe egiturea, harri gainean eusten dana. Horreen eredu lez, esate baterako, Enbeita baserria daukagu Kanpantxu auzunean.

XVIII. mendearen erdialdera, egurrezko egituraren ordez harria erabilten hasi ziran etxea eusteko elementu lez; aldaketa horri esker, eraikuntza sendoagoa zanez, leihoak handitu egin ahal izan ziran eta, holan, argi gehiago sartzen zan etxean. Kasu honetan, nabarmentzekoa da Ispizua Aurrekoa baserria.

Sartzola baserrian, gure inguruan gelditzen diran garai bakanetariko baten pilareak ikusi geinkez.