Ingurunea

Ajangiz Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen epizentroan dago, kokapen pribilegiaduan. Urdaibai espazio natural babestua da, 230 km²-ko azalerakoa –Bizkaiko Lurralde Historikoaren %10, gitxi gorabehera–. Euskadiko hezegunerik garrantzitsuena da, eta ekosistema desbardinak daukaz. Fauna eta flora interesgarria bizi da bertan.

Erreserbearen aberastasun paisajistiko eta ekologikoa gune bitan biltzen da, eta gune bi horreek alkarregaz osogarriak dira: alde batetik, barrualdea dago, mendiek eta erreketako ibar hezeek osotuta; bestetik, estuarioa, padura aberatsakaz.

Azeria

Barrualdeko lurretan, nagusi dira koniferen eta eukaliptoen plantazinoak, aretx baso zaharren eta beste kaduzifolio batzuen hondarrakaz batera. Ibarretan haltzak eta sahatsak be badagoz, eta malda handien hegaletan, barriz, artadi nabarmenak. Inguru honetan, espezie babestuetako ugaztun handiak bizi dira; besteak beste, bisoi europarra edo basakatua. Hementxe dagoz basurde, orkatz, azeri, lepazuri edo katamusturluzeen habitatak be.

Landazabal atlantikoa

Ajangizen nagusi dan paisajea (eta Ajangiz, gainera, paisaje horren erakusgarri bikaina da) landazabal atlantikoa da. Bertan, baso masa txikiak, zelaiak, belardiak eta labrantzarako lursailak dagoz buztartuta. Faunari jagokonez, aitatzeko modukoak dira, beste animalia batzuen artean, ugaztun txikiak: satitsuak edo lursagu gorria, esate baterako. Musker eta sugelandara espezie asko be badagoz.

Padura

Urdaibaiko Erreserbako paduran fauna eta flora interesgarria dago. Ibaiaren meandroen alboan ihiak eta lezkak hazten dira, sahatsakaz eta haltzakaz. Kostalde Kantabriar osoan leku gitxitan dago habitat mueta hau, eta, batzuetan, landare exotiko inbasoreen mehatxupean egoten da.

Padurako lurreko fauneari jagokonez, anfibioak dira nagusi: esate baterako, arrabioak eta uhandre, zapo eta igel espezie ugari. Paduretan hegazti asko eta asko dagoz. Beste espezie batzuen artean, mokozabalak, lertxunak, txenadak eta arrano arrantzaleak dagoz. Itsaslabarretan, habiea egiten dabe belatzek, hontzek, kaioek eta ubarroiek.

Zona hau Biosferearen Erreserbea danez, babes eta lege bereziak emon jakoz inguruari, eta horrek bermatu egingo dau ekosistema honen biziraupena, eta etorkizuneko belaunaldiek be leku honegaz gozau ahal izango dabe.

  • Euskadi Turismoa
  • Eusko Jaurlaritza. Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
  • Bizkaia turismo
  • Urdabaiko Biosfera Erreserbako patronatua
  • Busturialdea-Urdaibai eskualdea
  • Moveuskadi
  • Bizkaibus